

Pentsamendu bakarrak, egun, Euskal Herrian, izena eta ikurra dauzka: Euskal Hiria. Kontzeptu horren pean ezkutatzen den proiektuak aurrez aurre egiten du topo, ez soilik edozein planteamendu ekologistarekin, baizik eta baita bere nortasun-ezaugarriak izango lituzkeen Euskal Herriaren alde egitearekin ere. Ikuspegia, hiri handi batena da, lurraldeak elkarri lotzeko lurra bere zerbitzura jarri eta sakrifikatzen duen hiriarena; eta jarraibidea, garraioari loturiko azpiegitura mota oro ugaritzea (AHT, Eibar-Gasteiz autopista, Pirinioetan zeharreko autobia, Donostialdeko ondoz ondoko ingurabideak, hainbat pasabide eta Bilbo Handiko Supersur...).
Nazionalismo burgesak bat egiten du neoliberalismo espainiarraren kontzepzio teknokratiko akulturalarekin, Hego Euskal Herrirako ondoko oinarri hauen gainean eraikitako proiektuaren alde egitean: lurraldea metropolizatzea; nazio artean ezarrita dagoen lan-banaketa zehatz-mehatz errespetatzea; euskal nazioarena dena lurralde Transakitanoan desintegratzea, Atlantikoko Ardatzaren atal gisa; eta endogenoa dena erabiltzea, bertakoa kapitala nazioarteratzeko beharrari egokitzeko bide gisa.
Gatazka nazionalari eta burujabetzaren aldarrikapenari loturiko erretorikaz at, praktikak erakutsi digu nola, Hego Euskal Herrian, bata bestearen ondotik etorri diren lurraldekako gobernuek (UPN, EAJ, EA, CDN, PSOE, IU), garapen-ereduari dagokionez, politika beraren alde egiten duten. Une hauetan, garapen-ereduaren inguruan, funtsezko adostasun politiko bat badagoela baiezta dezakegu, eta egoera horrek oso modu nabarmenean eragiten dio euskal gizarteari, gizarte-ehundura deseginez. Begiratzera geroz eta gehiago mugatu eta geroz eta gutxiago parte har dezagun nahi da, biztanleriaren ongizate gero eta handiagoaren izenean; joera horrek publikoa dena alde batera uztea eragiten du, eta hori arriskutsua da benetan. Euskal herria herri izateari utzi eta gizarte bilakatzen ari da, egunez egun: desegituratzeko prozesuan sartua den gizarte hedonista.
Zinez uste dugu lurraldearekin harremanetan izateko era baten, eremu hori interpretatzeko eredu baten, ekosistemako atal sentitzeko molde baten... labur esanda, bizitzeko modu baten azken hatsak aditzen ari garela. Kolpez kolpe (burdinolak, ontzigintza, industria-iraultza, hirugarren sektorea nagusitzea, metropolizazioa), aztarna ezabaezina uzten ari gara, lurrean, eta bertan bizi garenon kontzientzian. Eguzkikook hausnartzeko deia egiten ari gara, bidean geldialditxoa egin eta gogoeta egiteko gonbitea: ea ekonomiaren indar itsuek, merkatuaren legeek, globalizazioaren manamenduek... joan gura dugun lekura ote garamatzaten pentsatzekoa.
Merkataritzaren Mundu mailako Erakundearen hitzarmenak nagusi diren esparruan, eta enpresa transnazionalak lehen mailako agente ekonomiko gisa nagusi direnean, lurraldeen arteko lehiak naturari erasaten dio, eta eragina handia izaten da, gizartean eta ingurumenean. Motordun ibilgailuak etengabe gehitzea, energia-kontsumo jasanezina, ekosisteman gure aztarnak areagotzea, lurraldea gero eta gehiago urbanizatzea, eta, ondorioz, landa-eremuen eta hirien arteko mugak lausotzea, uniformizazio kulturala edo lekuan lekuko nortasunaren gaineko eragina: dagokien larritasun mailaren arabera neurtu beharreko ondorioak dira.
Urbanismo berria kapital publikoz eginiko inbertsio itzeletan oinarritzen da; kapital hori hirigunearen gestio enpresarialaz arduratzen diren enpresa mistoek kudeatzen dute, eta finantza lokalen krisia eragiten dute, metropoli-barruti horiek funtzionatzeak sorrarazten dituen gastuen gorakadagatik. Funtsean, hirien garapena nazio arteko kapitalaren erabakiak maila lokalean errazteko tresna bilakatzean datza, haren eskura jarriz garraiorako azpiegiturak, telekomunikazioa eta lurzoru sail izugarriak salgai-hondarren prezioan.
Bizilekuaren eta lantokiaren arteko distantzia handitzea; garraio publikoaren erabilerak behera egitea, eremu “nekazal-hiritarretan” eraginkortasuna gutxitzean; topalekua herriko plaza izatetik merkatalgune handia izatera igarotzea; lotarako auzoak agertzea; auzokoen arteko harremanak desagertzea eta gizarte-ehundura elkarkorra murriztea; edo baliabideen kontsumoa eta hondakinen sorrera areagotzea: jasangaiztasunaren elementuak dira, lurraldea metropolizatzeko prozesuari datxezkionak. Plangintza estrategikoen gaitza den defizit demokratikoa, bai sortzen direnean, eta bai, gerora, metropoli-barrutiak kudeatzeko orduan ere, oztopo izaten da, eta haustura sozialaren tankera hartzen du, urruntzearena eta gizarte-gaiekiko eta gobernatzeko ezintasunagatiko interesik ezarena.
Hirien eta lurraldeen jasangarritasunaren aldeko politika, aitzitik; hiritarren parte-hartzean oinarritu behar da; eragotzi egin behar du hiria zatikatzea; bizileku-dentsitate handiak ezarri behar ditu, eta sare trinkoak, garraio publiko eraginkorrarentzat nahiz hurbileko gizarte-ekipamenduentzat mesedegarri izan daitezen; eremuen funtzioaniztasuna bultzatu behar du, hiriko bizitzaren elementu dinamizatzaile gisa; gainbeheran dauden guneak birgaitzeko eta suspertzeko politika ezarri behar du; diskrimimazio positiboa bultzatuz jokatu behar du, eta garraio publikoen alde egin, bide bereiziak sortuz; automobil pribaturik ez erabiltzea sustatu behar du, eta aparkalekuak murriztu.
Pentsamendu bakarra, “zenbat eta gehiago, hobe” dioen zibilizazioa gertu dago, lehiakortasunaren aldarean oparirik baliotsuena, urriena eta berreskuraezina sakrifikatzeko: lurraldea. Lurralde bihotzekoa eta bizitakoa, historia duena, nortasun-ezaugarriak dituena, bioaniztasun natural eta kultural aberatsa duena, eta potentzialtasun endogenoak. Ez agindutako lur helduezin eta ezin besarkatuzkoa: fluxuen espazioarena, denbora telematikoki ezeztatzearena, determinismo ekonomizistaz mozorrotutako oihan liberalarena. Habitata aukeren esparru bihurtzea hegazti harraparientzako etxea eraikitzea da: bizitzaren mausoleo ikaragarri bat altxatzea, loratuko diren bakarrak espekulatzaileak, politiko oportunistak eta hirigile diru-goseak izateko.
Globalizazioaren aroak –mundializazio finantzarioarenak– bizkortu egiten ditu orain arte ezkutuan egondako prozesuak. Esate baterako: kapitalaren mesedetan orain arte bere logikaz at egoniko ekoizpen-baldintzen jabe eginez balioa sortu eta metatzeko modu berriak; geoestrategiarako politiken garrantzi gero eta handiagoa, hiri-sareak eratuz edo dena justifikatzeko balio duen totem berri bat agerraraziz, desfokalizazioa, lurraldea lehiakor bilakatzera behartzen duena.
Mezua noranzko bakarrekoa da: beharrezkoa da hazkunde-garai berri bat, krisi ekonomikoa, langabezia, miseria... gainditzeko; ezibestekoa da guztiok "zenbat eta gehiago, hobe" leloa geure egitea eta hazkundeak ez daukala mugarik onartzea, arazoa ez dela zer ekoitzi eta nola batzen den araberakoa; geure egin behar dugu "gehiago, handiagoa, bizkorragoa" besterik esaten ez dakienaren diskurtso obsesibo, setati eta larderiatsua.
Horrela, garrantzi berezia hartzen du kontsumoarekin eta bizimodu berriekin loturiko guztiak. Gaur egungo egoeran, ekoizpenaren gorakadak atzetik dakarrena begi-bistakoa da: eragiten dituen deusezpenen hazkunde handiagoa. Sortzen duen kostua eskaintzen dituen abantailen gainetik dago. Kontsumo maila bizi-kalitatea hondatzen ari da: okerrago bizi gara gehiago kontsumituta, eta, bien bitartean, beste batzuek gutxienekora iritsi ezinean dabiltza; hazkundearen paradoxa da: asetzen duena baino eskasia handiagoa sortzen du. Gainera, mundu inperialistak sorrarazi duen bizimodua planeta osora inoiz hedatu ezingo den eredua da.
Gutxiengo pribilegiatu batentzat diseinaturiko "gure" bizimodua orokortu ezinekoa dela adierazten duen ezaugarria da iritsi berriek lortu nahi izaten duten unetik krisian sartzea, mendebaldeko gizartean arrazakeria eta xenofobia eraginez. Ez dago nahikoa baliabide mineral, mundu osoak ekoizteko eta kontsumitzeko daukagun modu harraparia har dezan.
"Hazkundearen drogazaleei", gutxiago gozatzeko garestiago ordaintzeko prest dauden horiei, azaldu egin behar diegu eta praktikan frogatu, hobeto bizitzeko bide bakarra, gutxiago ekoiztea dela, gutxiago kontsumitzea, lan gutxiago egitea eta denok lan egitea, beste era arduratsuago batean bizitzea, autogestioan oinarrituago, kontzienteago. Aldatu egin behar da ekoizten dena, ekoizteko modua, beharren definizioa, beharrak asetzeko moldea... laburbilduz, ekoizteko modua eta bizimodua.
Hazkundea mitoaren mailara altxatu da: berez da ona, eta, hortaz, kritikaren bahean igaro beharrik ez duenaren kategoria hartu du. Erabateko balioa izan behar du, eta haren gainean oinarritu behar dira bizitzaren alor guztietara hedatuko diren merkataritza-harremanak; eta balio zenbakarria eduki behar du, industriaren eta bankuen monopolioaren kontrolpean egon ahal izateko.
Pobreziaren zibilizazioa eraiki da, zarrastelkeriaren artean, erabili eta bota egiten duen zibilizazioa; eta, horrela, kalitate eskaseko salgaizko metak hondakinezko meta bilakatzea da oparotasunaren adierazle. Lehengaietan pobrea den gure Euskal Herrian, eta energia lortzeko besteren menpe dagoen herrian, beharra dohain bihurtu eta "gutxiagorekin gehiago egin" daitekeela erakutsi behar dugu: posible dela, alegia, eta presazkoa, guztiontzako zoriontasun handiagoa erdiestea, ugaritasun gutxiagorekin.
Eguzkikook kirol-portuen edo golf-zelaiei aurka agertzen garenean, edo gure nekazal-gune apurrak sakabanaturiko hirigune bilakatzeari aurre egiten diogunean, ez gara ari natura babesten soilik; funtsezkoa dugunaren jabetza pribatua hedatzearen kontra ere bagaude: ura, lurra. Gure herriaren egungo egoeran, espazioaren etengabeko kapitalizazio-prozesua gerarazteko ari gara borrokan. Izan ere, daraman erritmoari eutsiz gero, erabat ezinezkoa izango da, etorkizuneko ezein proiektu alternatibo justizia sozialaren eta oreka ekologikoaren irizpideen gainean eraikitzea.
Borroka ideologikoa
Urteetan, ingurumenaren gaineko informazio-iturri nagusia, euskal gizartearentzat, euskal mugimendu ekologista izan da; gaur egun, egoera aldatu egin da zeharo, iturriak ugaritu direnean. Erakundeek, enpresek eta hedabideek ekologiaren esparrura sartzea erabaki dute, kanpaina mediatiko bat diseinatuz; jomuga –eta neurri handi batean lortzen ari direna– ekologisten mezua ezereztea da. Gainera, gizartearen eta ekologiaren krisian daukaten erantzukizuna aitortu beharrean, propaganda eta kultura antiekologikoa hedatzeko bitartekoak sortzen dituzte, “marketing berdea” baliatuz.
Garapen jasangarriaren diskurtso hutsal eta pozoituaren aurrean, borroka ideologikoaren lana, ekologisten borrokan beste fronte bat eratuz, premiazkoa da, hizkera bereizgarri bat eratzeko orduan, burujabetzera bidean. Ekologismo sozialaren ikuspegitik, "garapen jasangarriaren" diskurtso liberalaren xedea ez da natura babestea, kapitala baizik. Beharrezkoa da, bada, estrategia produktibo alternatiboak antolatzea, kapital ekologikoak eta diskurtso eko eta neo-liberalek lortu nahi duen naturaren definizio berriari aurre egiteko.
Jarduteko eran aldaketa bat nabarmentzen da: kapitalismoa gero eta gehiago berregituratzen da "ekoizpen-baldintza" deiturikoen kontura. Ekoizpen-baldintzak zera dira: salgaiak balira bezala erabilitako elementuak, horrela sortuak izan ez arren (hau da, balioaren eta merkatuaren legearen arabera ekoitzia izan ez arren). Lan-indarra, natura, hirigunea, etab. ekoizpen-baldintzak dira, zentzu horretan. Beraz, egungo prozesua ekoizpen-baldintzen etengabeko kapitalizazio gisa ikus daiteke.
Ekoizpen-baldintzak andeatu eta suntsitzean (euri azidoa, ura gazitzea, metaketa eta poluzioa, lindanoak pozoituriko lurzoruak... horrek guztiak kapitalari kostuak ekartzen dizkiolarik), gertaera horiei aurre egin behar zaie, irabaziei eusteko. Hori egiteko hartzen diren neurriak, besteak beste, hauek dira: aldaketa teknologikoa bizkortzea, lehengaiak merkatzea, eta lan-indarrari diziplina handiagoa eta soldata txikiagoak ezartzea. Jukutria horiek gero eta lankidetza eta bitartekaritza handiagoa eskatzen diote administrazio publikoari, eta argiago ikusten da, ekoizpen-prozesuen izaera sozial eta politikoa, itxura batean neutroak eta onak diren politiken eduki soziala bistaratzean.
Herri-mugimenduek aldi berean egin behar diote aurre, bioaniztasuna, gorputza, espazioa eta natura deusezteari eta kapitalalak berak ekologian sorturiko krisiak eragindako baldintza horiek berregituratzeari.
Kapitala modalitate berri bati ekiten ari da, "ekologiaren aroa" izenda dezakegun honetan. Natura ez da, jada, ikusten edonola ustia daitekeen kanpoko errealitate gisa; natura, orain, balio-iturritzat hartzen da, berez. Kapitalaren dinamika nagusiaren forma aldatu egin da: kanpoko errealitate batean oinarrituriko metatze eta hazkundetik bere baitan itxiriko natura kapitalizatuaren sistema mantendu eta autokudeatzera. Natura kapitalizatzeko prozesu berri horrek berekin dakar lehen kapitalizatu gabeko alderdiak, orain, kapitalaren barneko bilakatzea.
Bioaniztasunaren diskurtsoan, natura ez da hartzen, hainbeste, beste prozesu batzuetan erabiltzeko lehengai gisa, baizik eta berezko balio-erreserba legez; balio hori, jakina, kapitalaren esku utzi behar da, ezaguera zientifikoaren eta bioteknologiaren bitartez. Guzti-guztia, geneak barne, erortzen da, ekoizpenaren, ikuspuntu ekonomikoaren eta balioaren legearen kodearen diktadurapean.
Natura babesteko sortu den ingurumenaren gaineko legeria Damoklesen ezpata bilakatu da; horren aurka, mugimendu ekologistatik, zilegitasunaren indarrez egin behar diogu aurre, lau urtean behin eskuordeturiko demokrazia diskurtso lineal eta murriztaileari. Ziklo naturalak aldarrikatu behar ditugu, eta, habitatean atzeraezinak diren aldaketak eragingo dituzten jarduerei ekiteko, bidezkotasun plusa. Ekologiaren krisiak agerian uzten du iraganeko eta etorkizuneko belaunaldiekin denboran zeharreko lotura mantendu beharra; oinordetzan hartutakoa eta utziko duguna errespetatzeak mugatu egiten du belaunaldi jakin bakoitzak erabakitzeko izan dezakeen erabakitzeko ahalmena.
Euskal Herria, etnonazio gisa, ez daiteke oraina bakarrik izan; iragana eta geroa ere bada. Horrela, ustezko kontraesana, ekologistek demokrazian sakontzeko egindako eskariaren eta etorkizuneko belaunaldien interesak gogoan izateko beharraren artekoa, konponduta geratzen da, itun sozial batera iritsiz, zilegitasun-iturri berri batekin agertzen denaren bermearekin, parlamentuko besaulki-trukean lortutako gehiengo eskasetatik haratako.
Ekologiston mugimenduan, borroka ideologikoaren frontea bermeren batekin sortzeko, mezu argi, irmo eta ahalbait bateratuenaz hornitu beharra daukagu: ingurumenaren arazoen errora joko duen mezua, zergatietara zuzenduko dena, eta "hoditeriaren muturreko" irtenbideak aztertzera mugatuko ez dena. Ezin gaitezke gelditu arazoen azaletik harantz joango ez diren eztabaida faltsuetan: ihes egin behar zaie irudikeriei eta "gaurko ogia biharko gosia" diren distrazioei, eztabaida konponbideak aurki daitezkeen toki bakarrean antolatzeko.
Bide horretan, beharrezkoa eta presazkoa dela ikusten dugu adierazpenak egiteko geure bitartekoak edukitzea: are gehiago, hedabide publikoen jokaera lotsagarria ezagututa, eta komunikabide pribatu gehien-gehienek beraien akziodunen interesei egiten dietela ohore jakinda. Informazio-sare zaluak (eta kontrainformaziorakoak), erlazio-gune finkoak, eztabaidarako eskualdekako foro irekiak... hori guztia, kaleetako pankartak eta aktibismoa baztertu gabe.
Egia estaltzeko bestetarako ez dela agertu den jasangarritasunaren diskurtsoaren aurrean, benetan lortu nahi dena jasanezina jasangarri bilakatzea baita, premiazkoa da ekologisten borrokaren garrantzi estrategikoa eta naturaren aldeko itun sozial handi baten potentzialtasuna aldarrikatzea. Itun hori estrategiak batzeko eta egiaztatzeko elementua izango litzateke: euskal habitata berreskuratzea ahalbidetuko luketen baldintza sozialak sorrarazteko estrategiak, hain zuzen ere.



