Historia

Euskadiko Batzorde Antinuklear eta Ekologistetan, eztabaida-prozesu bat abiatu zen, Lemoizko zentral nuklearra behin-behinean geldiarazi ondoren, 1982ko maiatzean. Eztabaida hark ekarri zuen emaitzagatik, mugimenduaren beraren bilakaeragatik eta gure lurraldean arazo berriak sortu izanagatik (NATOn eta EEEan sartzea, bide-proiektuak, instalazio kutsatzaile berriak...), beste era batera elkartu eta lehentasun-eskala bat eratu beharra ikusi zen.

Batzorde Antinuklearretan gaia adostu orduko, Ekologistak Elkartzeko Batzarrerako deialdi irekia egin zen, eta Altsasun egin zen biltzarra, 1987ko otsailaren 21ean. Han eman zitzaion hasiera Eguzki sortzeko prozesuari, eta, Orion egindako Esku-hartze Jardunaldien ostean, azkenik, urte hartakoxe ekainaren 27 eta 28an osatu zen, Iruñean. Euskal Herriko 60 batzorde eta talde inguru batu ziren: ingurumenaren alorrekoak, ekologistak eta antinuklearrak. Xedea erakunde berri bat sustatzea izan zen: “bildu eta koordinatuko gaituen erakunde berri bat: lan gehiago eta hobea egiten lagunduko diguna, gure lurra arriskuan jartzen duten proiektuen aurka, eta Euskadi askeago, burujabeago eta ekologikoago baten alde”.

Esku hartzeko lau arlo nagusi zehaztu ziren:

Gure ingurumen naturala babestea,

Arrisku nuklearrak eta energiaren politika,

Bizitzeko hiri eta kale egokien aldekoa,

NATOren eta Euskadiko militarizazioaren aurkakoa.

Eguzki, orduan, talde ekologista gisa azaldu zen: irekia (ekologia-arazoen aurka, errotik, zergatiak aztertuz, indarrak batu nahi dituzten pertsona eta taldeei), autonomoa (erakunde eta alderdietatik askea, bere baitan joera politiko desberdineko pertsonak onartuz) eta engaiatua (ingurumenari egindako zeinahi eraso mota salatzeko orduan).

Garai hartan aurrera eramandako lana handia izan zen oso: batere erdeinagarriak ez diren militantzia eta aktibismo mailen emaitza. Euskal gizartean ekologia-arazoak ezagutaraztea erdietsi zen, eta ingurumenaren gaiarekiko sentikortasuna handiagotzen joatea. Poluzioa, gure erreka eta ibaien egoera edo hondakinen kudeaketa salatzeko jarrerak izan ziren, besteak beste, arian-arian egikaritu diren aurrerakuntzen oinarri; halako jarrerak alderdien eta erakundeen programetan sartzean gertatu dira aurrerapauso horiek. Horren guztiaren adierazgarri ona da birziklatzeko politikari dagokion oro.

Ekologiaren arloan jardun dugun 20 urte hauetan zehar, hainbat koordinakunderen jaiotzearen lekuko izan gara: biztanle-talde zabalei eragiten zieten arazoei aurre egiteko sortu izan dira (Sakanako autobiari, ezkerraldeko superportuari, Leitzarango autobiari edo Itoizko urtegiari). Horietako askotan, Eguzkik, batere erdeinagarria ez den funtzioa bete izan du, sortzean berean lagunduz, gure egoitzak eskainiz, lanerako dugun gaitasuna beraien zerbitzura jarriz... Aldi haren interpretazioak bi aurpegi oso desberdin ditu: alde batetik, hainbat gizataldetan ekologiaren aldeko borroka ezagutaraztea eta mobilizazio maila handiak lortu baziren, bestetik, taldeari ekarri zion kostua biziki handia izan zen. Izan ere, erreferente sozialtzat finkatu zen, eta arrazoibide landuago eta orokorragoa falta izan zen, enpresei, alderdiei eta erakundeei aurre egiteko, haiek ingurumenaren gaineko diskurtsoaren zenbait atalen jabe egin eta horietaz gero eta gehiago baliatzen hasi zirenean; beraien xede bakarra, azken finean, Eguzkik hedatzeko eta egoera berriei hasiera emateko zeukan ahalmena neutralizatzea zen.

Aro hartan, nagusi zen garapen-ereduak kezkatzen zituen gizarteko sektoreen artean adostasun zabala behar zela ondorioztatu zen Eguzkin, eta eztabaida zabalagoa eragin behar zela, alternatiba orokorrak mahaigaineratuko zituen arrazoibidea lantzeari zegokionean mugimendu ekologista erreferentzialtasuna galtzen ari zelako uste osoz. Testuinguru horretan, 1994an, Euskal Ekosistemaren Garapen Demokratikorako Etorkizuneko Gizarte-hitzarmena aurkeztu genien, gure herriko alderdi sozial aurrerakoiei.

Proposamen haren abiapuntua uste sendo bat izan zen: “gure herriko gizarte-mugimenduek irmotasunez erakutsi zutela egiazko aukera zegoela proiektu kaltegarriak oztopatu eta are geldiarazteko ere. Hala eta guztiz ere, gero eta nabarmenagoa da ez dela posible, jada, egoerari aurre egitea, baterako ikuskerarik gabe eta gizarte-hitzarmen batek sor dezakeen loturak lan-ildoak batu ezean”. Zentzu horretan, sektoreak bildu eta indarrak batzeko deia egin zen, Euskal Herriarentzat kualitatiboki bestelakoa izango zen garapena ahalbidetzeari begira: nagusi zen eredu sozial eta produktiboa inposatzen ari zitzaiguna ez bezalakoa.

Gizarte-hitzarmen haren oinarriak demokrazia eta eskualdeko bioaniztasuna berreskuratzearen ingurukoak ziren, eta ekoizpenaren arloari zuzen-zuzenean zegozkion hainbat proposamen jaso zen bertan: hala nola, gizartearen esku dagoen lana birbanatzea; lehen sektoreari laguntzea, desagertzen ari den landa-mundua babesteko; kulturaren esparrua ezinbestez engaiatu beharra, inkontziente kolektiboaren ahalmena piztu eta burujabetzera zuzentzeko.

Gizarte-sektoreak garapen-eredu alternatibo baten alde biltzeko ildo horretatik beretik, onuragarria deritzogu, halaber, 2000. urteko Lurraren Eguna zela bide, Lurra Deialdia sortu izanari. Johannesburgh-eko Goi Bileran Lurraren aldeko Elkarrizketa aurkeztu izanak, gure iritziz, elkartzeko eta eztabaidatzeko gune aberasgarria ireki zuen, gure babesa eta parte-hartzea merezi duena. Hainbat esparrutan diharduten gizarte-erakundeek –ekologia, lehen sektorea, osasuna, kontsumoa, sindikalismoa edo nazio arteko elkartasuna– modu sinergikoan elkarrekin lan egitea, gure aburuz, muzin egin ezin zaion apustua da.

Ingurumenaren aldeko borroketan gero eta maizago agertzen den osagai batek –“ondorioak jasaten dituenaren morala” deritzogunak edo “bai, baina nire lorategian ez” ezagunak– eztabaida beste maila batean antolatzera garamatza, eredu kapitalistaren irrazionaltasun eta jasangaiztasunarenera; eta, gizarteari, egingarriak ez ezik, presazkoak eta premiazkoak begitanduko zaizkion alternatibak eratu beharra dagoela erakusten digu.

Bide horretan, euskal mugimendu ekologistak proposatzen den apustuaren jakitun izan behar du, bai eta apustu horri heltzeko aurrez aurre izango dituen antolamendu mailako erronka berrien jakile ere. Borroka batzuk irabazi dira, ez gatoz esku-hutsik, baina zinez uste dugu euskal mugimendu ekologista gerra galtzen ari dela: jasangarritasunaren inguruan zabaldutako erretorika gu erailtzen ari dela, balizko arrakasta baten ameskeriaz baliatuz. Izan ere, zenbat eta gehiago mintzatu ingurumenaz, zenbat eta itun eta arautegi gehiago onetsi, okerrago dago gure lurraren eta planetaren osasuna.


    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30
salaketa txokoa
Buletina


PORTU GARBIAK EUSKAL KOSTA BIZIAN