

Euskal Mugimendu Ekologistak, lehenengo eta behin, Mugimendu izan behar du: kezka berberak dituzten hainbat gizarte-sektoreren bilgune, taldeen sigla eta interesen gaindik; Ekologista: gizartearen eta naturaren arteko erlazioaren mundu-ikuskeratik, eta ekoizpen-erlazioarenetik, “orokorrean pentsatu, tokian tokikoan jardun” lelotik abiatuz, bere oinarrien eduki soziala azalera dezan; eta Euskal-herritarra, Euskal Herria ekosistema kulturala dela aldarrikatuko duena, eta, herriak eta kulturak uniformizatzeko egungo prozesuan agertzen zaizkigun erronkei, erantzun desberdinak emateko gaitasuna duela.
Aurre egin behar zaie nagusi den garapen-ereduan nabarmentzen diren balioei, euskarriak ondoko hauek baitituzte: produktibismoa, patriarkalismoa (hierarkizazio bertikala, boterea eta nagusitasuna gurtzea), natura menderatzean oinarrituriko aurrerabidearen ideologia eta teknokrazia (materia eta natura mesprezatzen dituen pentsamoldeari dagokiona, eta mugarik gabe ustiatzeko objektu bilakatzen dituenarena), eta elkartasunik ezaren indibidualismoa, jabetza-kontzeptuari hertsiki lotua. Horretarako, gure herriko hainbat esparrutan ageri diren balioen potentzialtasun neurrigabea baliatu behar da, eta euskal mugimendu ekologistari berezko nortasun ezaugarriak eman.
Eguzkin, XXI. mendeko euskal mugimendu ekologistaren nortasun-ezaugarrien artean hauek egon beharko luketela uste dugu:
Identitarioa: bere lurrean sustraitua, Euskal Herrian jarduten duena, bere izaera eta idiosinkrasia dituen herria; beste mugimendu batzuekin batean borrokan jarduten duena, kultura gorde eta euskara guztion hizkuntza bilakatzeko; ukatu ezin den hatsapen demokratiko gisa, autodeterminazioaren eskubidea erabiltzearen aldeko jarrera duena.
Kolektibista: subjektu kolektiboa berreskuratu eta mobilizatzea, lehentasunezko xede gisa azaltzen den indibidualismo murriztailearen aurrean. Izan ere, pertsona bakar batek deusezta dezake baso bat, baina komunitate batek soilik zain dezake; Kolektiboak denaren balioa da edozein planteamendu ekologistaren giltzarria.
Antikapitalista: sistema kapitalista harrapari unibertsal gisa agertu da, eta garapen-eredu jasanezin baten gainean eraiki ditu oinarriak. Sistema hori Euskal Herriari arras atxikirik dagoen ezaugarria dela onartu arren, eta kalte egiten dion oro geure zauria balitz bezala sentitu, bateraezinak iruditzen zaizkigu sistema kapitalista mantentzea eta planeta mailako bizitza babestea nahiz gure herriarentzako garapen-eredu demokratikoa lortzea; gaur egungo globalizazio ekonomikoaren prozesuaren aurkakoa, pentsamendu bakarraren aurkakoa eta uniformizazio kulturalaren aurkakoa.
Solidarioa: planetako herri guztiekin, bereziki, elkartruke ekologiko desorekatua egiten den herriekin; ekosistemako gure aztarna murrizteko konpromisoa hartuko duena; “kanpo
zorra” ezabatzearen alde egiten duena, geure zor historikoa onartuz, eta planeta mailako gutxieneko ongizate estandarra ezartzearen aldekoa.
Politikoa: boterea nola kontrolatu eta erabakiak maila horizontalean nola hartu ulertzeko modu berezia izango duena; baliabide naturalen administratzaile gisa botere politikoak duen papera eta estatuaren funtzioa bere erara ulertuko dituena; baina hauteskundeetako estrategietatik urrun geratuko dena.
Herrikoia: Euskal Herriko emakume eta gizon guztiei irekia, beraien sinesmena edo jarduera profesionala gorabehera; herri-mugimenduaren nortasun-ezaugarriak aldarrikatzen dituena, profesionalizazioaren aurka eta ingurumena kudeatzeko bulego bihurtzeko arriskutik aldenduz.
Egituratzailea eta bateratzailea: euskal gizartea egituratzea lortu nahi duena, herrietan eta auzoetan zuzeneko parte-hartzea izanez, geure historiaren egile izan gaitezen eta ez ikusle pasibo; gizarte-sektore aurrerakoiak bateratzeko bokazioa duena, ikuspegi ekologikotik egungo garapen-eredua onartu ez eta erabat bestelakoaren alde egiten dutenena.
Aldarrikatzailea: ezarririko status quoaren sirena-kantuetatik aldenduko den borrokarako mugimendua; eguneroko lanean ekologiaren aldeko bidezko borroka ororekin engaiatua; herriaren kontzientziazioaren eta mobilizazioaren bitartez aldarrikapenak egiteari uko egiten ez diona.
Burujabea: alderdi politikoekiko, erakundeekiko, enpresekiko eta presio-taldeekiko inpendentea; zuzeneko edo zeharkako loturarik gabea, besterenak diren estrategiek makurraraziko eta erabiliko ez dutena.



